Talka-terapia
#ACT17-an proposamen bat dugu, talka-terapia egitea geure zentzumenak zaindu eta sentsibilitatea berreskuratzeko, esangura berriak sortu asmoz. XIV. aldi honek ihesa izan gura du, ez errealitatetik egindakoa, baizik eta beste mundu(et)rako atari , egoera alternatiboak saiatzeko perspektibetara egindakoa. Erresistentzia ekintza bihurtu gura genuke, jaialdiarekin bat datorrelakoan, eszena lan labur, bortitz eta ausartez betea,ikuspuntu berriak eskainiz galderak egiten dituena eta zerumuga berreraikitzen.
Ekainaren 7tik 10era bitarte talka-tratamendua osatu beharko duzu: ACT JAIALDIA, sentsibilitatea berreskuratzeko arte eszenikoak. Genero estetika arakatuko dugu, Víctor Ericeren aztarnetatik bidaiatu, Shakespeare zalantzan jarri, adimen artifizialarekin jolastu, zorabioa sentitu, gaztarora bueltatu, Poloniako kaleetan dantza egin, eta elementuak, mugimendua eta aldaketa prozesuak aztertuko ditugu.
Datorren ekainaren 7an ACT hasiko da Bilbo eta Barakaldon, lau egunez luzatzen den Nazioarteko Lan Laburren Antzerkialdia. Hamalaugarrenez, mundu osoko programatzaileekin topatzeko aukera izango dute eszena artista berriek. 12 pieza hautatu dira lehiarako eta beste lau lehiaz kanpo, aurtengo ACTa talka terapia bihur dadin. Eszena subertsiboa, erresistentzia bultzatu eta ikuslea garraiatzeko. [Dantza-Antzerki-Performance]-lan arriskutsu eta zirikatzaileak… eta umore asko nola ez!
Bilbao eta Barakaldo-k mundu osotik etorritako artistak jasoko dituzte, nazioarteko eszenaren isla diren proposamen berritzaileak dakartzatenak.
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia-k antolatutako jaialdia, ikastaro eta tailarrekin osatzen da, lan metodologia eta esperientziak trukatu asmoz.
Bizkaiko Foru aldundiak, Bilboko Udalak eta Barakaldoko Udalak diruz babestua da jaialdia. Hontaz gain, Acción Cultural Española (AC/E)-k laguntzen du ‘Programa de Internacionalización de la Cultura Española (PICE)’ ren bitartez honako atzerriko programatzaileak etorriko dira (Sara Serrano López, Charles Meillat, Kaya Stanley-Money, Aurelie Pousset Urruti, Barbara Balen, Daniela Perez, Sarah-Jane Watkinson, Ira Brand eta Kevin Jamieson) ACT a ikustera. Amaitzeko, Guggenheim Bilbao Museoa-k filme bat eta masterclass bat hartuko ditu TopARTE programa – ren bitartez.
Hamalau urte eszena gainean
Hamalau urtez, ACTek sorkuntza berriak bultzatu ditu forma eta diziplina guztietan. Talentuz beteriko proposamenak hurbildu ditu Bizkaira, eta batez ere, munduko eszena irrikaz berritzeko asmoa ekarri du.
ACT ikuslearentzako gune dibertigarri eta dinamikoa da. Saio bakoitzean 2 edo 3 eszena lan labur topatuko dituzu, gehienezko 30 minutuko iraupena dutenak.
Jaialdiak gune ezberdinak ditu: Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioa, BAI Antzerki Ikastegia, Barakaldo Antzokia edo Bilboko Kafe Antzokia. Lehiaketa arratsaldez 19:00etan Barakaldo Antzokian eta gauez 22:00etan Bilboko Kafe Antzokian izango da.
Hasiera eta bukaera emanaldiak eskutik joango dira hainbat erakustaldirekin. Irekiera emanaldian, iaz perfomer onenaren saria jasotako Giselda Ranieriren “give me a moment” ikusi eta gozatu ahal izango dugu, ekainaren 7an 20:00retan Kafe Antzokian. Amaiera ekitaldian berriz, ekainaren 10ean 22:00etan Kafe Antzokian, sari banaketa izango dugu, irabazlea nor den jakin eta horretaz gain, goi mailako hainbat antzezlan ikusiko ditugu; Oliver Zhan-en Hauptaktion konpainiak, Birmingameko BE Festivalen ACT saria jasotako lan gogorra ekarriko digu, eta iazko ACTeko irabazle Poliana Lima brasildarrak “las cosas se mueven pero no dicen nada” lan berria.
XIV edizioa
ACT Nazioarteko Eszena Lan Laburren XIV. Lehiaketa ari da forma hartzen. 300 proposamen inguru heldu zaizkigu aurten, gai eta jenero askotarikoak, ondorioz egitarau zabal eta kalitatezkoa osatu ahal izango dugu. Aurreko urteetan bezalaxe, partaideak jatorri desberdinetakoak dira: Suitza, Albania, Iran, Erresuma Batua, Hego Afrika… eta bereziki aurten latinoamerikarrak, haiei eskertu nahi genieke orain jaialdian parte hartzea, geurea handiago eta interesgarriago bihurtzen baitute.
Gure tratamendua jarraitzera gonbidatzen zaitugu.